"LEINN gradua egiten nigan konfiantza izaten ikasi nuen"

Miren Anduaga leinnerrak, beste kide batekin, brandinga eta diseinua lantzeko bigga .studio-a sortu zuen iaz Oñatin. Gaztea baina eskarmentuduna, LEINNen hartutako gaitasunak oso presente ditu oñatiarrak.

muniversitas-20-urte-alumni-leinner-miren-anduaga

Enpresagintza Fakultatea

Zergatik erabaki zenuen LEINN gradua ikastea?
Akademikotik harago doan prestakuntza bilatzen nuelako, ‘egiten ikastea’ filosofía eta arlo profesionalari aurre egiteko gaitasun errealak garatzea ahalbidetuko zidana. Oso erakargarria egin zitzaidan lehen egunetik taldean lan egiteko dinamika eta benetako proiektuak abiarazteko aukera izatea.

Zein esperientzia azpimarratuko zenituzke LEINNeko urteetatik?
LEINN oso etapa intentso eta eraldatzailea izan zen. Hasieratik benetako proiektuak sortu genituen, bezeroekin harremanak, talde ezberdinak kudeatu… akatsetatik eta arrakastetatik ikasten aritu ginen. Nazioarteko esperientzia ere oso aberasgarria izan zen, errealitate ezberdinetan bizi eta lan egiteak pentsaera zabalagoa gehitu zidalako. Eta nigan konfiantza izaten ere ikasi nuen, erabakiak hartzen erantzun guztiak izan gabe eta ingurune ziurgabeetan lan egiten.

Gradu Amaierako Proiektua Ezpeletan egin zenuen…
Izan zen inflexio puntu bat nire ibilbide profesionalean. Erronka aterkien sektorean ibilbide luzea duen Ezpeleta enpresaren online salmenta estrategia definitzea eta ezartzea izan zen. Enpresa eta talde baten barne funtzionamenduaz asko ikasi nuen. Talde txiki baina oso konprometitua da. Azkar ikastera, erantzukizunak hartzera eta negozioa osotasunean ulertzera behartu ninduen.

Gerora enpresa propioa sortu duzu. Zerk bultzatuta?
Ezpeletan ia 4 urte eman ondoren, aldatzeko beharra sentitu nuen. Betidanik erakarri nauten diseinua eta markagintza probatu nahi nituen. Prozesu horretan, nire alde sortzailearekin eta LEINNen nuen ekintzailetza bulkadarekin berriro konektatu nuen. Eta prestakuntza amaituta lankide izandako batekin elkartu eta lanean jarri ginen.

Zer izan da zailena?
Batetik, proiektu berri gisa ikusgarritasuna lortzea eta konfiantza sortzea; eta, bestetik, jendeari benetan egiten dugunaren balioa ulertaraztea. Ekintzailetza, zalantzarik gabe, etengabeko ikaskuntza prozesu bat da, egunero hazteko, egokitzeko eta eboluzionatzeko erronka etengabea.