Alumni
Ekintzailetza Teknologikoa kirolaren esparruan
WELLK ENPRESA BERRIAK GIZARTE KIROLZALE BATEN ALDEKO APUSTUA EGITEN DU. HAU LORTZEKO BIDEAN KIROL ARLOAREKIN ZERIKUSIA DUTEN ZENBAIT ALDAGAI SOLUZIO DIGITAL BAKAR BATEAN INTEGRATU DITUZTE, ERABILTZAILEAREN JARDUNA ERRAZTE ALDERA.
Facultad de Empresariales
Aritz Guinea eta Euken Ercilla dira WELLK enpresaren atzean dauden ekintzaile gazteak; lehena Ingeniaritza Biomedikoan graduatua eta bigarrena Diseinu Industrialean. Beraien jakintza esparruak eta afizioak uztartuz kirolaren praktika errazten duen soluzio digital bat abiarazi zuten iaz, Goi Eskola Politeknikoak antolatutako Enpresa Sortuz lehiaketa irabazi eta Foru Aldundiaren Ekintzailetza Txekintek dirulaguntza jasoz. Errekonozimendu hauek beraien lantaldea indartzeko balio izan die, eta aurten Joseba Martin batu zaie taldera, Informatika eta Telekomunikazioko Gradu Bukaerarko Lana WELLK-en egiten ari dela. Duela denbora asko ideia bat baino ez zena enpresa bilakatu da gaur egun, kirolaren sektorea eraldatzea helburu duen enpresa hain zuzen.
Kirol praktika eskura
WELLKen helburu nagusia gizarte osasuntsuago baterako oinarriak finkatzea da, eta horretarako kirol baliabideak hobeto erabiltzea ahalbidetuko duen soluzio digital berri bat garatu dute. Aplikazio mugikor berri honek hiru atal ditu: lehenak eskura dauden kirol baliabideen egoeraren berri ematen du (uneoro erabilgarri dauden kirol makinak adibidez); bigarrena komunitatea sortzeko bideratua dago (kirola egiteko taldeak sortu…); eta hirugarrena, aldiz, marketplace bat da, kirol zerbitzu edo produktuak erabiltzailearen eskura jarriko dituena (psikologo, masajista, materiala…). Gizarteari kirola praktikatzeko baliabideak eskainiz nagitasunari aurre egin eta kirol errutinak garatzea posible dela uste dute WELLK taldeko ekintzaileek, eta zentzu honetan, garatutako lehen prototipoa martxan jarri dute jada. Une honetan Durangoko Ibaizabal ikastolako kiroldegian proba pilotu bat egiten ari dira, eta proiektua hedapen fasean dagoela esan daiteke. Epe luzera begira, kirol ekosistema berri bat sortzea da enpresaren helburua, eta horretarako soluzio digital berri hau ahalik eta gehien hedatzea nahi da, ekosistema hau ahalik eta osoena bilakatu dadin. Proiektuari buruzko informazio gehigarria www.wellk.eus webgunean aurkitu daiteke.