Alumni
“Enpresa zer den eta zelan funtzionatzen duen ikusteko balio izan dit lan egiteak”
Olatz Azkarate oñatiarra, Ingeniaritzako hirugarren maila egiten dabil. Ikasteaz gain, lan ere egiten du, Alecopen bitartez Ulma Packaging-en. Datorren ikasturtean Miarritzera joango da karrera amaierako proiektua egitera. Handik bueltan master industriala egiteko asmoa dauka.
Nolako esperientzia izan da enpresa mundua bertatik bertara ezagutzea?
Nire ustez, oso aberasgarria. Planoak edo piezak egiten dituzunean ikusi egin ditzakezu, eta baita ukitu ere. Eta, gaizki eginda badaude, hornitzaileak esan egingo dizu.
Unibertsitatean ikasi duzunarekin zerikusi zuzena du lanak?
Bai, nik egiten dudan lanak ikasi dudanarekin zerikusi zuzena dauka. Gainera, enpresan lanean egonda aukera izaten duzu beste sail batzuekin ere harremanetan egoteko: besteak beste, erosketa sailarekin, muntaketa sailarekin…
Hiru urte hauetan unibertsitatean ikasitakoa baliagarri izan da enpresan?
Bai, gauza asko lotuta daude. Izan ere, pieza bat egiterakoan ze materialekin egin pentsatu behar izaten dugu, eta teoria guzti hori eskolan ematen da.
Lan egiteak ze ekarri dizu?
Batez ere enpresa bat zer den eta zelan funtzionatzen duen ikustea. Ez da bakarrik planoa egitea, beste jende askorekin ere egon behar duzu. Muntatzailearengana joan behar duzu, aurrekontua ere egin behar da… esperientzia guzti hori ekarri dit hemen lan egiteak.
Karrera amaierako proiektua Miarritzen egingo duzu. Betidanik izan duzu buruan kanpora joatea?
Karreran hasi nintzenean pentsatu nuen aukera polita izan zitekeela. Ikusten duzu beste batzuk ere joan direla eta ondo pasatu dutela, hortaz, aprobetxatzeko moduko aukera dela pentsatu nuen.
Eta zergatik aukeratu duzu Miarritze?
Irakasleak esaten digu nora joan, notaren arabera izaten da eta baita norberaren profila eta proiektu motaren arabera ere. Diseinu industriala ikasten nabil, baina gustatuko litzaidake proiektua mekanika aldetik egitea. Hortaz, eskatu nuen posible izanez gero mekanika aldetik izatea proiektua.
Handik bueltan master industriala egingo duzu?
Bai, karrera hasi nuenean pentsatu nuen ez nuela masterrik ikasiko, baina orain, animatu egin naiz. Aukera ona izan daitekeela pentsatzen dut. Posible balitz ikasi eta lan egitea gustatuko litzaidake, ea denera iristen naizen.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Gauzak ez daude samur, eta ikasketa batzuk izateak segurtasuna emango didala uste dut. Ingeniaritza batek, gainera, aukera ematen du hainbat lan egiteko.
Ikasi eta lan egitearen esperientziaz zer nabarmenduko zenuke?
Ez da lan bat bakarrik, egiten duzunagatik ordaintzen dizuten lan soila. Ikasten ari zarena praktikan jartzeko aukera da, eta, gainera, lanean zabiltzan bitartean ikasten jarraitzen duzu. Teoria praktikan jartzeko aukera da. Ardura batzuk hartzeko ere balio du. Lan batzuk epe jakin batean entregatu behar ditut, eta horren ardura hartu behar dut.