“Ambereseko egonaldia nire bizitza markatu zuen esperientzia izan zen”

Gallartako Aitor Carazok Humanitate Digital Globalak gradua egin du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Gaztetatik ekimen eta elkarte desberdinetan parte hartu izan du, eta hortik dator bere sena.

muniversitas-20-urte-alumni-ambereseko-egonaldia-nire-bizitza-markatu-zuen-esperientzia-izan-zen

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea

Zer dela eta erabaki zenuen Humanitate Digital Globalak ikastea? Eta zer da aurkitu zenuena?.
Soziala eta disziplinartekoa zen zerbaiten bila jo nuen, praktikoa izango zena; eta munduaren konplexutasuna ulertzen saiatu. Ausartak izan ginen gradu “berri eta arraro” horren lehen promozioan apustu egiten. Gauza interesgarriak aurkitu nituen: bakoitza bere backgroundean jantzita zegoen ikaskide talde oso ona; autonomian, hausnarketan eta ideien partekatzean oinarritutako goi ikasketak; eta identitatearen eta aniztasunaren aurpegi berri asko.

Non egin zenituen praktikak? Eta egonaldia?
2. eta 3. kurtsoetan Etxepare Euskal Institutuan egin nituen praktikak, non kultur diplomaziaz eta haren garrantziaz ikasi nuen. Quebec, Japonia eta Flandriarekin egindako proiektuak oso aberasgarriak izan ziren, batez ere Flandriakoa. Hala, hirugarren mailan Flandriara joan nintzen Erasmusean, Amberesera (Antwerpen) eta egonaldi hori nire bizia markatu zuen esperientzia izan zen. Han European Project Semester proiektua jarraitu eta ekitaldien kudeaketan aritu nintzen. 4. mailan, aldiz, GBLa praktikaldi baten oinarrituta idatzi behar genuen eta nire kabuz Italiara, Bolognara jo nuen. Burugogorkeriari esker lortu nuen GBLa han idaztea Mondragon Unibertsitatea eta fundazioaren arteko ikasketa akordioaz eta Eusko Jaurlaritzak eskainitako dirulaguntzarekin. Ondoren, karrera bukatuta, Eusko Jaurlaritzak eskainitako Hezkuntza Esparrutik Lan Mundurako Transizioa proiektuaren bidez Agirre Lehendakaria Centerren hiru hilabetetako egonaldia egin nuen.

Zertan zabiltza orain Bolognan? Eta zer asmo daukazu?
GBLa egin nuen elkartean nabil lanean. Eta, horrez gain, nazioarteko ESN sarean bolondres nabil ebento kultural, italiar ikastaro eta bestelakoetan. Nahiko nuke Euskal Herrira eraman Bolognan egiten diren ekimen, politika eta ikuspuntuak, gurera moldatuta.