Alumni
“Gustatuko litzaidake egun batean kantu hauek zuzenean jotzea”
Mikel Ullibarriarana ARAMAIOARRAK IKUS-ENTZUNEZKO FAKULTATEAN LAN EGITEN DU KOMUNIKAZIO DEPARTAMENDUAN ETA MUTELEBISTAKO ERREPORTAJEAK EGITEN ERE, BESTEAK BESTE. OSO GUSTUKO DU IKUS-ENTZUNEZKOEN ALORRA, BAINA BAITA MUSIKA ERE. IZAN ERE, THE CLAYTON ROCK TALDEKO BAXU JOTZAILEA IZATEAZ GAIN, KANTU PROPIOAK PLAZARATZEARI EKIN DIO ORAIN.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
Ullibarriaranak gaztetatik izan du bideogintzarekiko jakin-mina. Mutikotan etxeko kamarekin saltseatzen aritzen zen eta batxiler garairako bazekien hori ikasi nahi zuela. Hala, Aretxabaletan ikasi eta jarraian fakultatean komunikazio departamenduan lanean hasi zen, gaur egunera arte. “Hona ikastera etorri eta lehen egunetik arreta gehien deitu zidana izan zen hemen asko lantzen dela praktika, zuk zeuk gauzak egiten ikastea. Hori oso garrantzitsua da”.
Aste barruan Mondragon Unibertsitateko zereginetan lanean eta asteburutan kontzertuz kontzertu ibiltzen da Ullibarriarana eta ez da gaizki moldatzen, aramaioarra geldigorra da-eta. “MUTelebistako erreportajeak direla-eta, hara eta hona ibiltzen naiz, eta nahiago dut hori beti leku berdinean lan monotonoak egitea baino”. Kontzertuei dagokionez, The Clayton-ek bigarren diskoa aurkezteko bira luzea 2026ko urtarrilean bukatuko du hirugarren diskoa buruan atsedena hartzeko.
Aramaioarrak, baina, baditu bestelako denborapasak. Pandemiaren bakardadean bere kabuz kantuak idazteari ekin zion; bazen barrenak husteko modu bat eta on egin zion. Gerora, urteak pasata, entzunaldia egin die ondutako zirriborro horiei eta, gustatu zaizkio. “Ez dira The Clayton-en ildokoak eta nire kabuz borobildu eta grabatzen hastea erabaki nuen. Asko gozatu dut”. Hain zuzen ere, instrumentu guztiak berak jo ditu, eta bideoklipa ere osatu du ‘Hutsa’ kantuarekin. The Lio eta Sofokaos taldeko Oier eta Kimetz-ek ere parte hartu dute. “Proiektu pertsonal hau bada niretzat musikaren alorrean ezagutu dudan jende askorekin elkarlana lantzeko aitzakia ere”, azpimarratu du.