“Hastapenak ez dira errazak, baina poliki-poliki bidea egiten ari naiz”

Ane Irazabal arrasatearrak Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen HUHEZIn. Ondoren, Palestinara joan zen kazetari gisa lan egitera, eta harrezkero Ekialde Hurbilean bizi eta freelance gisa egiten du lan.

muniversitas-20-urte-alumni-ane-irazabal

HUHEZI

Nola gogoratzen duzu ikasle garaia?
Oroitzapen onak ditut. Nik bigarren zikloan ekin nien Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasketei, lehenago Historia egin nuelako EHUn. Orduan karrera gaztea zen Ikus-Entzunezko Komunikazioa HUHEZIn, eta beraz, denontzat ikasketa prozesu interesagarria izan zen. Halere, azken urtean gutako bakoitza irrikitan zegoen bere bidea egiten hasteko.

Zein da oroitzapenik gogokoena?
Ikus-Entzunezko Komunikazioko azken ikasturtean film labur bat egin genuen taldeka, eta asko gustatu zitzaidan film labur bat sortzeko prozesu guztia. Oso polita izan zen, era berean 2009ko Huhezinema Film Laburren eta Dokumentalen jaialdia antolatzea, izan ere, ikasleak eta irakasleak parez pare aritu ginen elkarlanean, eta oso ondo pasatu genuen.

Irakasle eta ikasleekin harremanik gordetzen duzu?
Egia esan, ikasleekin irakasleekin baino gehiago. Egun, sare sozialen bidez oso erraza da kontaktuari eustea. Ikaskide izan nituen lagun askok proiektu interesgarriak hasi dituzte ikus-entzunezkoen munduan. Zalantzarik gabe, krisiak ekintzailetasuna bultzatu du. Irakasleekin, berriz, harreman gutxiago dut, baina oraindik ere haietako batzuengana jotzen dut aholkuak eskatzeko edo hainbat zalantza kontsultatzeko. .

Ikasle ohien elkartean parte hartzen duzu?
Ez: ikasketak bukatu eta atzerrira joan nintzen; beraz, ez dut harremanik ikasle ohien elkartearekin. Halere, nire ikaskide izan zirenak bai, hor daude eta haiek ematen didate azken kontuen berri.

Ikasketak amaitu ondoren, zein izan da zure ibilbide profesionala?
Ikus-Entzunezko Komunikazioa amaitu bezain laster Palestinara joan nintzen albiste agentzia batean lan egitera. Eta gutxira, freelance kazetari moduan hastea erabaki nuen. Hastapenak ez ziren errazak izan. Garai hartan ez nekien nola jarri harremanetan hedabideekin edo nola bidali proposamenak. Baina, poliki-poliki, kolaborazio sare bat josi dut eta nire ibilbibidea egiten ari naiz. Orduz geroztik, Ekialde Hurbila dut bizitoki; orain, Egipto.

Gaur egun freelance moduan diharduzu, ezta?

Bai, kazetari freelance-a naiz %100ean. Erraz ulertzeko, pieza bakoitzeko kobratzen dut eta ni naiz nire enpresa eta arduradun. Batik bat, Euskal Herriko hedabideekin kolaboratzen dut: EiTB taldea, Berria, Argia, Gaztezulo eta Grupo Noticias.

Zeintzuk dira eskaintzen dituzun lanak? Zure egitekoa definituko zeniguke?
Hiru euskarritan lan egiten dut, hau da, prentsa idatzian, irratian eta telebistan. Hala, proposamenak desberdinak dira euskarriaren arabera. Irratian eta telebistan breaking news edo azken orduko albiste politikoak lantzen ditugu gehiago. Egunkariek eta aldizkariek, ordea, gai horiek sakonago lantzeko edota kultura zein gizarte arloko beste gai batzuk jorratzeko aukera eskaintzen didate. Ekialde Hurbila eskualde ikusgarria da, eta proposamenak ez dira inoiz falta.

Etorkizunera begira, zein asmo duzu?
Denboralditxo batean orain arte bezala jarraitzen badut gaitz erdi! Nazioarteko berriemaile bezala esperientzia hartzen eta ikasten jarraitu nahi dut. Izugarri gustatzen zait Ekialde Hurbila eta, oro har, nazioarteko kazetaritza. Beraz, amets horri heldu nahi diot. Halere, gure profesioan gauzak nola dauden ikusita, ez du zentzurik etorkizuneko planak egiteak. Azken orduko toki-aldaketa, erabaki edo proposamenei irekita egon behar dugu. Gure asmo eta erronka profesionaletan malguak izaten ikasi behar dugu.