Alumni
“Huhezinema urtero da berria, aldatzen da jendea, lan egiteko modua…”
HUHEZINEMAK 18.A BETE BERRI DU, ORAINGOAN ERE ARRAKASTAZ, ETA ANTOLATU DUTEN IKASLEEK AUTONOMIAZ -IRAKASLEEN LAGUNTZAREKIN- EGIN DUTEN LAN ANDANARI ESKER. MAIALEN TORRES KOORDINATZAILEA ETA ANE URRESTI IKASLEA ELKARRIZKETATU DITUGU.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
Nola zaudete?
Maialen: Oso pozik. Ikusi ditut ikasleak oso inplikatuta, profesionaltasunez erantzuten arazo edo eginbeharrei. Nabaritu da aurretik lana egin izana. Gainera, asistentzia oso altua izan da.
Ane: Super gustura. Hasieratik ilusionatuta eta motibatuta, eta talde bezala oso ondo funtzionatu dugu. Jakin dugu edozein arazori konponbidea aurkitzen.
Maialen, zuk hirugarren urtea egin duzu antolakuntzan. Zer aurkitu zenuen?
Maialen: Ikasle nintzela antolakuntzan ere ibilia naiz. Urtero da berria: datoz 20 pertsona berri, 20 begirada desberdin, eta ikusi behar da horrek zer ukitu emango dion. Aldatzen da lan egiteko modua, prozesua…
Noiz hasi zineten lanean?
A: Hilabete askotako lana da. Maialen eta Itxaso Frau ibili dira aurretik oinarriak zehazten, izenematea martxan jartzen… Gero guk hartu genuen ardura osoa: lanak jaso, horiek ikusi, sailkatu, epaimahaia erabaki, aurkezleak, gonbidatuak…
Eta nola funtzionatzen duzue, autonomiarekin?
A: Bai, hasieratik autonomia eman digute eta hiru taldetan banatu ginen: programazioan, produkzioan eta komunikazioan.
M: Komunikaziokoek egin dute iruditeria osoa, kanpaina sareetan, ikus-entzunezkoa… Eta produkzio taldeak lan handia egin du dirua lortzeko.
Zer da Huhezinema zuentzat?
A: Autonomia, gure kabuz egin dugulako dena. Eta baita gogoa, hori gabe ez zen posible izango.
M: Niretzat inplikazioa irakasleona eta ikasleena. Eta baita ere sormena edo esperimentazioa. Joko zelai bat non ikasi daitekeen halako ekitaldi bat antolatzen askatasunez.