“Ikasle garaiko oroitzapen oso onak ditut eta oraindik askotan elkartzen gara”

Aitor Belar Beitiak 2008an amaitu zituen ikasketak Mondragon Unibertsitatean. Telekomunikazio ingeniaria da, eta gaur egun CAF Power & Automation enpresan dihardu lanean, Ingeniaritzako departamentuan. Donostiako Parke Teknologikoan elkartu gara Aitorrekin.

muniversitas-20-urte-alumni-caf

GOI ESKOLA POLITEKNIKOA

Nola gogoratzen dituzu ikasle garaiak?
Oroitzapen onak ditut, elkarlan handia zegoen bai irakasle eta ikasleen artean, izan ere, guztion helburua zen ikasturtea gainditzea. Hori dela eta, testuinguru konstruktibo batean aritzen ginen lanean, komunikazioa eta jakintza zirelarik arreman horren oinarri.

Zein da oroitzapenik gogokoena?
Eskolako jardueren artean PBLak (Project Based Learning) ziren nire gogokoenak. Sorkuntza bultzatzen zuten, klasean emandako jakintza teorikoak praktikan jarrita. Azken finean, ingeniari batek oso gustuko zuen arlo hori.
Eskoletatik kanpo, oroitzapen oso politak ditut: ikasleen arteko afariak, aisialdiko ekintza ezberdinak eta, horien guztien artean, ikasle bidaiarekin gelditzen naiz.

Irakasle eta ikasleekin harremanik gordetzen duzu?
Ikasleekin gehiago irakasleekin baino (barreak). Urtero gelditzen gara ikaskideak bazkariren bat egiteko, eta ondo pasatzeaz gain, aukera paregabea da gure esperientziak konpartitzeko.

Ikasle ohien elkartean parte hartzen duzu?
Ez, hala ere denbora pixka bat dedikatzea gustatuko litzaidake. Alegia, ez dut baztertzen etorkizunean ikasle ohien elkartera gerturatzea.

Ikasketak amaitu ondoren, lanean hasi zinen?
Bai, karrera Amaierako Proiektua Traintic S.L-rentzako egin nuen eta ondoren enpresan kontratatu ninduten. Karrera Amaierako Proiektua erreminta ona da ikasleak eta enpresa arloa harremanetan jartzeko. Aukera asko irekitzen ditu.

Gaur egun lanean diharduzu CAF Power & Automationen.
Jadanik lau urte daramatzat hemen, izen aldaketa bat tarteko. CAF Taldeko enpresen artean antolakuntza berri bat egin da eta guri dagokigunez, Traintic, Trainelec eta DTQ4 CAF Power & Automation izatera igaro gara. Orain Iruran eta Donostian ditugu bulegoak eta tailerrak, eta noski www.cafpower.com webgunean ere bagaude. CAF Power & Automation-ek potentzia, kontrol sistema eta komunikazio produktuak diseinatu eta ekoizten ditu edozein motatako ‘rolling stock’-entzat, esaterako trenentzat.

Zein da zure egitekoa?
Azken aldian, produktuen balidazio eta sortze prozesuaren egiaztapenean dihardut buru- -belarri. Azken finean, produktu bat diseinatzen denean produktu horrek haserako baldintzak betetzen dituen frogatu behar da, eta prozesuaren faseak ondo egin direla egiaztatu. Hori da bidea kalitatezko emaitzak lortzeko. Hala ere, ingeniari bat gai izan behar da produktu baten ideiatik ezarpen fasera arte ematen diren fase ezberdinetan lan egiteko, horregatik da garrantzitsua unibertsitatetik ahalik eta jakintza handienarekin irtetea, nahiz eta gero lan munduan arlo batean espezializatu.