“Unibertsitatean ikasitakoa praktikan jartzen saiatu naiz Mundukiden”

Mondragon Unibertsitateko ikasle askok egiten dituzte praktikak Mundukiden. Askorentzat, erakundeak Arrasaten duen egoitza izaten da praktikak garatzeko kokalekua eta beste batzuk Mozanbike, Kuba eta Brasilgo programetan parte hartzeko aukera izaten dute.

muniversitas-20-urte-alumni-adrian-del-pozo-murillo

Adrian Del Pozo Murillo IKOko hirugarren mailako ikaslea da Arrasateko bulegoan aritu da lanean ikasturte honetan eta egonaldiaz hitz egin digu.

Zergatik aukeratu zenuen Mundukide praktikaldia burutzeko?
Lehenik eta behin, irakasleek esaten digute aukera ezberdinak probatzeko eta uste izan nuen komunikazioarekin eta erakundeekin zerikusia izan zezakeen praktikaldi bat oso interesgarria zela niretzat. Gaur egungo gizartean, markak etengabe komunikatzen ari dira eta komunikatzaileon kasuan, edozein lanpostutarako prestatuta egon behar gara. Gainera, Mundukidek praktikak Arrasaten bertan egiteko aukera eskaintzen zidan, eta Gobernuz Kanpoko Erakunde bat izateak ere erakargarriago bilakatu zuen aukera.

Gobernuz Kanpoko Erakunde baten zein garrantzi du komunikazioaren esparruak?
Komunikazio ekintzek ezagutarazi egiten zaituzte, eta, beste edozein erakunderentzat bezalaxe, Gobernuz Kanpoko Erakunde batentzat ezinbestekoa da komunikazioaren estrategia lantzea. Elkarteak dituen helburuak, transmititzen dituen balioak, atributuak, marka loturak, egiten duen lana… hori guztia oso argi transmititu behar zaio publikoari. Horretarako makinatxo bat ekimen antolatzen dira, jardunaldiak, aurkezpenak, ikus-entzunezkoak… Internet eta sare sozialak ere ezinbesteko erreminta bilakatu dira komunikazioaren esparruan.

Zeintzuk dira Gobernuz Kanpoko Erakunde batek trasmititu beharko lituzkeen balioak?
Nire ustez Gobernuz Kanpoko Erakunde batek erakutsi behar du konfiantzazkoa dela. Pertsonek eta erakundeek elkartearekin bat egin ahal izateko ezinbestekoa da. Hala ere, badaude beste ezaugarri asko konfiantza elikatzen dutenak: profesionaltasuna, gertutasuna, gardentasuna…

IKOn ikasten ari zarena aplikatu duzu Mundukideko komunikazio lanetan?
Bai, noski. Unibertsitatean jasotako zenbait ezagutza, teknikoak batez ere, ezinbestekoak dira. Adibidez, kazetaritza, sare sozialak, bideo eta argazki edizioa… Horien gaineko ezagutzarik gabe ezingo nuke ezer egin. Hala ere, praktiketan gauza gehiago ikasten dira, unibertsitatean ikasitakoa praktikan jartzeaz gain, beste ezagutza asko garatzen dira. Hori Mondragon Unibertsitateak badaki eta nahiko presente dauka. Izan ere, MUn praktikak beharrezkoak dira eta ikasketa prozesuan sartzen dira (121 kreditu bete behar dira praktikak gainditzeko).

Zelan azalduko zenieke MUko ikasleei zer den eta zer lan egiten duen Mundukidek?
Mundukideren helburua, herrialde pobretuen garapen sozioekonomikoa indartzea da. Horretarako Arrasateko kooperatibismoak eman duen esperientzia, jakintza eta baliabideak partekatzen ditu. Bestalde, MUko komunikazioko zein beste graduetako ikasleak Mundukidera gerturatzera animatuko nituzke, boluntario moduan, praktikak egitera edo gradu amaierako proiektua egitera. Izan ere, esperientzia oso ona da norberarentzat eta elkarteari laguntzeko modu bikaina da.